Ailaket!!
Ai laket!! Elkartea 1998an sortu zen, gaueko dibertsioarekin lotutako hainbat lagun kezkatuta baitzeuden droga ilegalen erabiltzaileen egoerarengatik; izan ere, kasu askotan, droga-erabiltzaileek ez zuten informaziorik eta ez zekiten zer dosi eta zehatz-mehatz zer hartzen zuten, baina, lege-jazarpenarengatik eta gizarte-estigmarengatik, isilik egotera eta ikusezin izatera behartuta zeuden.
2002ko hasieran, irabazteko asmorik gabeko elkarte gisa eratu zen eta droga ilegalen erabiltzaileak eta erabiltzaile ohiak bildu zituen; lan-arlo askotako jendea zen, besteak beste: kimika, soziologia, psikologia, zuzenbidea, diseinua, musika, kazetaritza, norberaren kontsumorako hazkuntza, gizarte-heziketa, pedagogia ostalaritza eta abar.
Gure oinarrizko premisa hau da: drogak erabiltzea beti izan da kulturaren parte bat, eta, beraz, arrazoizkoa da pentsatzea hala izaten jarraituko duela. Debekuetan oinarritutako droga-politikek zenbait substantziaren erabateko abstinentzia lortu nahi dute, baina, gure ustez, gero eta argiago dago horrelako politikak ez direla eraginkorrak, droga horiek erabiltzearekin lotutako arazoak handitzen lagundu baitute horiek murriztu beharrean.
Egoera hori ikusita, Ai laket!!-ek substantzia psikoaktiboen ondoan bizitzen ikastearen alde egiten du, kontsumo arduratsutik eta hortik datozen arriskuen autogestiotik abiatuta. Uste dugu drogak hartzea erabaki pertsonala dela eta erabaki hori pertsona helduek aske eta ongi informatuta hartu behar dutela. Ai laket!!-ek ez du erabaki horretan eragin nahi, baizik eta informazio zehatza, praktikoa eta sinesgarria eman nahi du. Hala, drogak hartzea erabakitzen bada, erabakia izan dadila ahalik eta iritzi-elementu gehien biltzen duen hausnarketaren ondorio.
Gure lanak dibertitzeko asmoz (festa-giroan, aisialdian) drogak hartzen dituzten pertsonak hartzen ditu ardatz. Besteak beste, honako jarduera hauek egiten ditugu: informazio-materiala argitaratzea, kontsulta-webgunea, substantziak analizatzeko programak, arriskuak gutxitzeko materiala banatzea, hitzaldiak, drogei eta haien kontsumoari buruzko ikerketak egin eta argitaratzea, jardunaldietan eta topaketetan parte hartzea, lantegiak eta abar.
helbidea: Herrería 88 bajo - Vitoria-Gasteiz, 01001
tel./fax: 945 23 15 60 ·
posta elektronikoa: ailaket@ailaket.com
web orria: http://www.ailaket.com