Geu Elkartea
GEU Elkartea eta GEU Aldizkaria garai berean jaio ziren, 1992an. GEU Elkartearen helburua Gasteizen euskararen presentzia areagotzea izan da hastapenetik, baita euskal hiztunen komunitatea trinkotzea ere. Horretarako, urte hauetan guztietan GEU Elkarteak izan dituen bazkideen babes ekonomikoari esker, bere beharrean jarraitu ahal izan du. Egun bertako euskaldunei kalitatezko euskarazko kultur emanaldiak aurkeztean datza Geu-ren eskaintza nagusia, Gasteiz hirian euskal hiztunentzako eskaintza urria asetzen saiatuz, alegia. Kulturaz gain, kirola eta aisialdia euskaraz gauzatzeko aukera ere badago Geu Elkartearen ekintzei esker.
Honetaz gain, GEU Elkarteak Gasteizko Euskalgintzan dihardu, Gasteizko Euskaltzaleon Elkargunearen bitartez eta Euskara Elkarteen Federazioa den Topagunearen kide ere bada. Honek ikuspegi zabala eta aberatsa ematen digu gure esparruan lan egiteko orduan.
Aipatzekoa da, Gasteizen erreferente bilakatua, GEU Elkartera jo dutela kolaborazio eta elkarlan bila Euskal Herriko hainbat elkarte, ekimen eta komunikabidek.
EKIMENAK ETA EKINTZAK
Gaur egun elkarteak dituen ohiko ekintzen artean, Kultur errota, Geurekin mendira, Gasteizko irakurle kluba eta euskarazko film laburren emanaldia dira.
Gasteizko euskaltzaleon elkarguneko kide da eta Mintzalaguna egitasmoaren sustatzaileetako bat. Hilero hilero, Gasteizko Euskararen Agendaren kudeaketaz eta banaketaz arduratzen da GEU aldizkariarekin elkarlanean. Euskaldunon lan-poltsa txiki bat ere kudeatzen du elkarteak.
Kultur Errota:
Kultur errota emanaldiak, hileko azken astearteetan antolatzen diren formatu ertain-txikiko euskarazko eta kalitatezko kultur emanaldiak dira. Parralen egiten dira hilero diaporamak, kontzertuak, literatura emanaldiak… Azken emanaldietan, besteak beste, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin, Bihotz Bakartien Kluba, Joseba Irazoki, Malatu, Jon Maia… izan ditugu gurean.
Geurekin mendira:
1995eko otsailaren 15 horretan Ezkibeleko mendi tontortxoan norbaitek azaldu zuen polita zitekeela euskaraz jardungo zuen mendi taldetxo bat sortzea Gasteizen eta ordutik 90 bat irteera egin ditu Geurekin Mendira Taldeak Euskal Herriko hainbat menditara. Mendi apalak eta handiagoak tartekatzen ditu taldeak hilabetean behin (azkenaurreko igandean) egiten dituzten txangoetan, batzuetan egun erdikoak beste batzuetan egun osokoak.
Gasteizko Irakurle Kluba:
Literaturaz taldean solas egiteko aukera paregabea da Gasteizko Irakurle Kluba. Iban Zaldua idazleak bideraturiko ekintza honek liburu baten inguruan biltzen gaitu hil bakoitzaren azken ostegunean arratsaldeko 20:00etan Hikaateneoan (Gasteizko Pintore kalean 1, Alde Zaharrean). Mota guztietako liburuak izango ditugu hizpide eta batzuetan liburuaren egilea bera ere izango dugu gure artean.
Urte honetan, besteak beste Arantxa Urretabizkaiaren “Koaderno gorria”, Harkaitz Zubiriren “Zakur kale”, Ana Urkizaren “Zortzi unibertso, zortzi idazle” , Angel Lertxundiren “Ihes betea”, Karlos Linazasororen “Diotenez”… izan ditugu.
Euskarazko film laburrak:
Urtean behin Topaguneak antolatzen duen film laburren zirkuituaren Gasteizko kudeaketa egiten du GEU elkarteak. 10 bat film laburren proiekzioa izaten da, Gasteizko Hikaateneoan edota Montehermoso kulturgunean egin izan dena.
Pozik hartzen dute urtero urtero Gasteiztar euskaldunek euskarazko film laburren emanaldia.
Gauekoak:
Geu Elkartea Gauekoaken Talde Eragilearen parte-hartzaile aktiboa da. 2002ko urtean proiektuan sartzea erabaki zuen hiriko beste hainbeste giza, kultura, aisialdi eta kiroletako talderekin batera. Zertarako? Gazteen artean euskaraz diren ekintza, emanaldi eta lantegi ezberdinak eskura jartzeko. Nola? Geu Elkarteak egun Euskal Herrian egiten ari diren kultur emanaldien ikuspegi zabala dauka, baita bere ohiko jarduerak ekarritako kultur harreman sendoak ere. Hori dela eta, proposamenak egin eta gauzatu egiten dituzte elkarrekin Gauekoak eta Geu taldeek.
BAZKIDEAK
GEU elkarteko bazkide izan nahi duzu? Bazkide izanda, euskarak Gasteizen duen presentzia areagotzeko laguntza emango duzu eta kide izateak tarteka eskaintzen dituen lehentasunez gozatuko duzu. Gainera, hilero hilero GEU ALDIZKARIA jasoko duzu zure etxean, euskara hutsezko Arabako hilabetekari bakarra.
Urteko kuota:
34 euro ikasle eta langabetuek
39 euro gainontzekoek
GEU elkarteko bazkidetzan alta emateko bide hauetan jarri zaitezke gurekin harremanetan:
helbidea: Pedro Asua, 2-3 - Vitoria-Gasteiz, 01008
tel./fax: ·
posta elektronikoa: geu@geugasteiz.com
web orria: http://www.geugasteiz.com